Menu
Bilbao

Gizarte-ekonomia eta hiriak

Tokiko garapen inklusiborako eta iraunkorrerako balioak eta lehiakortasuna

Urriak 1-3, 2018

ZURE EKIMENA AURKEZTU!!

DEIALDIA ZABALIK

informazio gehiago hemen
Menu

GAIAK / GAI NAGUSIA

Gizarte-ekonomia eta hiriak

Tokiko garapen inklusiborako eta iraunkorrerako balioak eta lehiakortasuna

Hauxe da foroaren gai nagusia: Gizarte-ekonomia eta hiriak:
Tokiko garapen inklusiborako eta iraunkorrerako balioak eta lehiakortasuna.

Gai nagusi horrek «gizarte-ekonomia» eta «hiriak» terminoak biltzen ditu, horixe baita GSEFren nortasun-ikurra, gizarte-ekonomia solidarioaren garapenarekin konprometitutako tokiko gobernuen eta gizarte zibileko eragileen elkartea den heinean. Gai hori hiru ideia nagusiren inguruan egituratzen da, hirurak ere gaur egun Europan eta munduan ematen ari den eztabaida bati zuzenean lotutakoak: gizarte-ekonomia —beraren adierazpide guztietan— aurrerapen eta garapen sozialerako eta ekonomikorako aukera erreal eta bideragarria dela.

Gaur egun, gizarteko taldeen arteko aldea handitzen ari delako kezka gero eta handiagoa da, baita aurreratutzat jotzen diren herrialde eta gizarteetan ere. Hain zuzen ere, kezka horrek zerikusi handia du Europar Batasunak eta nazioko nahiz tokiko gobernu askok adierazi duten interesarekin, gizarte-ekonomiak aberastasun kolektiboa sortzeko bete dezakeen eginkizunaren harira. Izan ere, hazkunde-eredu horretan ez da jarduera eta aberastasuna ondoren banatzeko sortzen; aitzitik, jardueraren jatorrian bertan banatzen da aberastasuna. Gainera, soberakinen zati handi bat garapen iraunkorraren helburuetara bideratzen da, eta soberakinak banatzean ager litezkeen disfuntzioak eta politika murriztaileak minimizatu egiten dira.

Krisialdi ekonomiko gogorrak iraun duen artean eta enplegu-kantitate handia galtzen zen bitartean, gizarte-ekonomiak erakutsi du galera horri aurre egiteko askoz gaitasun handiagoa duela (guztiz ihes egitea lortu ez duen arren), batez ere politika sozioenpresarial gardenagoetan, iraunkorragoetan eta arduratsuagoetan oinarrituta.

Europako ikuspegitik abiatuta (Bilbon bertan dago eta), Foroaren helburua da mundu osora zabaltzea eta eztabaidatzea ea gizarte-ekonomiak ba ote duen gaitasunik hirien garapen ekonomikoa eta soziala bermatzeko benetako aukera izateko. Izan ere, premia izan duenean, eredu horrek erakutsi du indarreko eredu ekonomikoak ezarritako joko-arauetara egokitzeko gaitasuna duela, baina, aldi berean, jarduera-arlo iraunkorrak, inklusiboak eta bideragarriak biltzen dituzten toki-garapenerako ereduak proposatzeko gai dela, hiriari eta biztanleei etorkizun hobea eskaintzeko asmoz.

Deskargatu GSEF2018 gai guztien dokumentua.

GAIAK ETA
AZPIGAIAK

1. Politika publikoak elkarrekin sortzea.

Grosso modo, esan daiteke «elkarrekin sortzeak» zera dakarrela: zerbitzu publikoak prestatzeko eta (bir)diseinatzeko jardunean orotariko eragileen parte hartzea bultzatzea. Hala, eragile publikoek ez ezik, eragile pribatuek (zerbitzuaren erabiltzaileek, zeharkako onuradunek…) ere hartzen dute parte, nork bere esperientziak, gaitasunak eta baliabideak (ezagutza, informazioa…) emanez eta partekatuz, guztien artean prozesuak (eztabaidatzekoak eta erabakitzekoak) eta emaitza publikoak (zerbitzu publiko eraginkorragoak, efizienteagoak eta kalitate handiagokoak) hobetzeko, eta, aldi berean, gizarte-balio handiagoa (gizarteratzea eta gizarte-kohesioa) sortzeko.

Kontuan hartu behar dugu lankidetza-prozesuetan herritar bakoitzak ematen eta partekatzen dituen balio eta baliabideek ez dutela soilik emaitza desberdina sortzen; horretaz gain, abiapuntuko ingurunetik desberdina den beste ingurune bat ere sortzen dute (espazio publiko eta botere-harreman desberdinak). Hartara, elkarrekin sortzea gizartea eraldatzeko eta balio demokratikoak ikasteko eredua ere bada, komunitateko eta taldeko kide izatearen sentimendua, inplikazioa eta konpromiso morala sendotzen laguntzen baitu.

IKUSI AZPIGAIAK

2. Gizarte-ekonomiaren ekarpena lurraldearen eraldaketan

Lurraldea, zentzurik zabalenean hartuta, garapen inklusiboaren eta iraunkorraren ezinbesteko protagonista da. Lurraldeaz ari garenean ez dugu soilik aipatzen eremu geografikoa, espazio fisikoa; guztiz bestela, bertan biltzen diren eragileak, aukerak, potentzialtasun material eta immaterialak hartzen ditugu aintzat. Kulturan, gizartean, historian, ekonomian eta ingurumenean ibilbide bateratua egin duen espazioa, hortik abiatuta errealitate zehatza eta garapenerako potentzial endogenoa sortu duena; hain zuzen, bereziki hazkunde ekonomikoa eta oro har garapen iraunkorra ezaugarrituko duen garapenerako potentzial endogenoa. Lurralde horretan gertatzen diren faktore eta ezaugarri sozioekonomikoak direla eta, espazio horrek nortasun berezia hartzen du, garapen inklusiborako eta iraunkorrerako prozesu jakin bat sustatzeko aukerarekin. Lurralde-esparru hori osatzen duten eragile guztien artean, gizarte-ekonomia ekonomia tradizionalaren osagarritzat agertzen da batzuetan, eta ordezko aukeratzat beste batzuetan.

Gizarte-ekonomiaren berezko balioetako bat da bertako eragileen konpromisoa eta gizarte-ardura; horiek horrela, beren buruaren garapenaren protagonistak ez ezik, gu guztion garapenaren protagonistak ere bihurtzen dira.

Eragileok berebiziko inpaktua dute, enpleguan, gizarteratzean eta gizarte-berrikuntzan egiten duten ekarpena dela eta, kanporako eta barnerako adierazten duten konpromisoa dela eta, lan egiten duten eremuaren ezagutza dela eta.

Gizarte-ekonomiak Europar Batasunaren beste asmo batean ere lagun lezake; hau da, Europa ezagutzan oinarritutako munduko ekonomiarik lehiakorrena eta dinamikoena bihurtzea, ekonomian era iraunkorrean handitzeko gaitasunarekin, enplegu gehiago eta hobeak sortuz, gizarte-kohesioa handituz, lurralde-kohesioa indartuz eta gobernantza-paradigma berrietan aurrera eginez.

IKUSI AZPIGAIAK

3. Gizarte-Ekonomiako Erakundeak Handitzeko Erronkak

Gizarte-ekonomiako erakundeek erronka handiak dituzte handitzeko duten gaitasunaren inguruan. Azpigai horretan, hazkundea bultzatzen eta zailtzen duten faktoreen —berdin dio barrukoak edo kanpokoak diren— inguruan hitz egingo dugu. Europako Batzordeak adierazi du gizarte-ekonomiako enpresek handitzeko gaitasun handia dutela, «gizarte-berrikuntzaren eskariak gora egin duelako eta gora egin dutelako, halaber, lankidetzarako teknologia eta plataforma berriek». Halere —gehitu du Batzordeak— enpresa horiek finantzaketa lortzeko zailtasunak dituzte oraindik ere, batez ere «beraien potentzial ekonomikoa ez delako nahikoa aintzatesten eta ulertzen, eta ez dituztelako nahikoa ustiatzen teknologia berriak». (Batzordearen oharra: Biharko Europako liderrak: gorabidean eta zabaltzeko bidean dauden enpresen gaineko ekimena». 2016-11-22). Foroak gizarte-ekonomiako erakundeen hazkunderako erronkei buruzko europar ikuspegia eskualde mailako beste ikuspegi batzuekin partekatu nahi du; horrela, errealitate desberdinen arteko elkarrekintzari esker, gizarte-ekonomia handitzeko gainditu behar diren erronka erkideen inguruko ikuspegi partekatua lortuko da.

IKUSI AZPIGAIAK

4. Lanaren eta enpleguaren etorkizuna: gizarte-ekonomiaren eginkizuna

Dagoeneko joera batzuk nahiko agerikoak badira ere (adibidez, aldaketa demografikoa, kultura-aniztasuna, laneko eta etxeko bizitzaren arteko uztarketa, lan-ingurune aldakorrak eta teknologien konbergentzia), beste gertaera disruptibo batzuek ustekabeko aldaketa eragin dezakete lan-merkatuan: alderantzizko migrazioak, langileen balio aldakorrek edota adimen artifizialak eta robotek, besteak beste. Zenbatespen batzuen arabera, Europako langileen % 45-% 60 ordezka lezake automatizazioak 2030. urtea baino lehen.

Beste alde batetik, baten batzuek teknologiaren arriskuez ohartarazten duten bitartean, beste aditu batzuek diote aurrerakuntza teknologikoak lan-aukera berriak ez ezik, munduan sormena berpiztea ere eragin lezakeela, pertsonek ez dutelako lan egin beharrik izango bizi izateko.

IKUSI AZPIGAIAK